Zientzia Arkatza bidean da

Eusko Jaurlaritzako EIMA 2.0. dirulaguntza jaso dugu, hau poza! Kontatu nahi dizuegu apur bat zelan izan den gure bidea hona heltzeko.

Zientzia Arkatzaren hazia Maddi Astigarraren Master Amaierako Lanetik ateratzen da. 2019/20 ikasturtean Maddik UPV/EHU Ilustrazio Zientifikoko Masterra egin zuen eta NorArte Visual Science-k MAL proposamen bat egin eta Maddik aukeratu zuen. Proiektuan gure herrietan aurki ditzakegun intsektu polinizatzaileen gida txiki bat egitea proposatzen zen, eta horrekin lotuta, marrazketaren erabilera sustatu nahi zen funtsezkoak diren animalia hauei buruz ikasteko. Lana Vega Asensiok zuzendu eta Izaskun Alberdik gidatu zuen, Juan Carlos Hierro, polinizatzaileetan adituaren aholkuekin batera.

Maddik lan bikaina egin zuen; lan hura Sua argitaletxera aurkeztu zen eta 2024an argitaratuko da ADI NATURA bilduman. Berria oso pozgarria izan zen, baina guk nahi genuen gure lana ikastetxeetara heltzea modu zuzenago batean. Hau dela eta, EIMA 2.0 deialdira aurkeztu ginen 2022an. Gure zorionerako gure proiektua saritua izan zen eta laster gure ikasmaterialak izango ditugu web-orrialde honetan ikastetxeetan erabili ahal izateko. 

Zuon guztion feedbacka behar dugu hobetzeko; beraz, zuon zain gaude. 🙂

Zientzia Arkatza Taldea